Ezagutzera eman

BERRIAK

2014/03/03

Gaurkoa moduko egun batean, zeinetan Bilboko Guggenheim Museoan  Christine Lagarde Nazioarteko Moneta Funtseko Zuzendari Gerentea, Eurotaldeko presidentea, Europako hiru Kmisario, Espainiako Gobernuko Presidentea eta bere talde ekonomikoa, Euskadiko eta Espainiako enpresa nagusietako presidenteak eta, nola ez, Iñigo Urkullu Lehendakaria elkartu dituen  ‘Global Forum Spain’ izenekoaren lehen bilkura egin delarik, Euzko Gaztedi-EGI erakundeak ez luke  bazterrean utzi nahi gertakari honek  euskal ekonomiari buruz  eta esparru ekonomikoan aldaketarik handiena suposatu duen Alderdi Popularraren Lan Erreformari buruzko hausnarketa egiteko ematen dion aukera.

Espainiar Estatuko Langabezi Tasa baino 10 puntu beherago dagoen arren, Euskadiko adierazlea gure ekonomiaren funtzionamendu onerako beharko litzatekeen mailatik urrun dago oraindik, eta hori murriztea lehentasuna  izan beharko litzateke gobernu ardurak esku artean dituen edonorentzat, EAEren kasuan Urkullu Lehendakariaren taldearentzat den moduan. Urkulluren gobernuaren jarreraren aurrean dago Nafarroan Yolanda Barcinaren taldearena, guztiz kontrajarria, Madriletik inposatutako defizita betetzearren BEZaren itzulketa atzeratzea eragin baitzuten. Erabaki horrek eragin kaltegarria ekarri du enpresetan, eta enplegua deuseztatzea suposatu izan du.  Erakunde ezberdinetan 2014 urte honetarako Espainiar Estatuaren hazkunde aurreikuspenak enplegua sortzeko bestekoak izango ote diren eztabaidatzen ari diren bitartean, Nazioarteko Moneta Funtsetik gogoratu dute Espainiar Estatuak enplegua % 1,5etik gorako hazkunde egoeretan baino ez duela enplegua sortarazten. Kontuan hartu beharreko datutzat esan daiteke erakunde honen aurreikuspenen arabera espainiar ekonomia % 0,6 haziko dela 2014an eta 0.8 2015 urtean. Datuok urrun geratzen dira enplegua sortzeko behar den mailatik. Ondorioz, egoera honetan, ezinbesteko gertatzen da gobernuaren ekimena.

Lege markoa gure herriko langabezi tasaren okertzea arrazoitzeko  nahiko ez den arren (zio nagusia baita jarduera ekonomikoaren beherakada) Alderdi Popularrak martxan jarri duen lan erreformak arrazoi handiagoak ematen dizkigu Euskadirentzat  Estatukoaz besteko lan marko berezitua eskatzeko. EAEri dagokionez, oraingo Gernikako estatutuak halakorik aurreikusten ez duen arren, bai egiten du Ibarretxe Lehendakariak aurkeztu zuen Estatutu Berrirako Egitasmoak,  Eusko Legebiltzarrean 2004 urtean gehiengo absolutuz onartu zena. Horregatik espero dugu Eusko legebiltzarrean oraingo estatutu markoa gainditzeko  eratu den batzordean gai hori, berriz ere, mahai gainean egotea. Euzko Gaztedi-EGI erakundearen aldetik beharrezko jotzen dugu Euskadiri lan harremanetarako markoa ematea, enpresen aldetik kontratazioa piztera zuzendua, eta ez lan eta soldata baldintzak baliogabetuko dituena eta kaleratzea sustatuko duena.

Alderdi Popularrak bultzatu duen lan erreformak ekarri du euskal enpresetan gatazka giro handiagoa sortzea, 2012ko erreforman, hitzarmenen ultraaktibitatea urte betera mugatu delarik. Honek ekarri du langileen eskubideen eta enplegatzaileek enpleguak sortzeko izan ditzaketen baldintzen arteko oreka apurtzea, enpresariari eman zaiolako lan baldintzak bere kabuz aldarazteko ahalmena. Ultraaktibitatearen amaieraren berehalako ondorioa izan da soldaten beherakada arina, FMIren helburuekin bat etorri dena. Dena dela, FMIren ustetan , soldatak murriztu izana ez da nahikoa izan,esan dutenaren arabera,  Espainiar estatuan soldatek % 10 gehiago murriztu beharko bailirateke.  Euzko Gaztedi – EGI erakundearen aburuz  hori irain argia da, euskal enpresek behar duten lehiakortasuna ezin delako soldata murriztetik etorri.

Zoritxarrez, krisiaren eboluzioak ondorio modura ekarri du  bost aldiz biderkatu dela EAEko 16tik 29ra bitarteko pertsonen langabezia, hau da, % 5,7tik % 29,4ra igaro da, biztanleriaren langabezi tasa bikoiztuz. Egoera honen aurrean  erabat egoki jotzen dugu Iñigo Urkullu Lehendakariak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzaren estrategia, gazteak lehen lan esperientziara bideratzeko gauzatua eta helburu horrekin egitasmoak gauzatzeko baliabideak jarri direlarik. Gazteen langabezi tasa murrizteko helburua lortzeko bidean, ezinbesteko jotzen dugu praktika programak sortzea enpresen, teknologi zentroen,unibertsitate eta lanbide heziketa zentroen arteko lankidetza bidez. Erakundeek bultzatutako praktika programa on batek duen garrantzian sinesten badugu ere, horri lotuta  ezinbesteko jotzen dugu prestakuntza curriculum bikaina eskaintzea, esparru pribatu eta publikoaren arteko lankidetza bidez bultzatua, zeinetan apustu nagusia, ikerkuntza, lan munduan sartzen diren gazteen prestakuntza tekniko sendoa eta hizkuntzen ezagupena izango den, suspertze ekonomikoa hurrengo printzipio hauetan oinarrituta sustatzeko: nazioartekotzea, egiazko ekonomia eta lehiakortasuna bereizmenaren bidez sustatzea, eta ez soldatak beheratuta.

Ondorioz, Alderdi Popularraren lan erreforma onartu zenetik bi urte igaro direlarik, soldatak murrizteko eta kaleratzeen indemnizazioak beheratzeko egin zen erreforma ikusi ondoren, erreforma horren kontrako jarrera adieraztea baino ez zaigu geratzen, eta Euzko Gaztedi-EGi erakundearen aldetik sindikatu eta enpresariei eskatu nahi genieke akordioak bilbatzen has daitezela euskal enpresen lehiakortasuna bermatzeko eta erreformaren alderdi txarrek langileen eskubideetan ekarri dituzten ondorio txarrak indargabetzeko.

Amaitzeko,  FMI erakundeko Zuzendari Gerente Christine lagarde jakitun da  espainiar bankuak erreskatatuak izan diren arren, krediturik ematen ez dela. Horren arabera eskatzen diogu  "Global Forum Spain" delako horretan ikusiko dituen bankuetako ordezkariei eska diezaiela mailegua emateko prozesuak susper ditzatela langileen eskubideen kontra egiten den indar berberarekin. Era berean nahi dugu foro honetan bisitatu gaituztenek gure herriaren gaitasunen irudi positiboa eraman dezatela eta beren ekimenen bidez  ekonomia suspertzen lagun dezatela gure gizarteak amesten dituen lanpostuak sortu ahal izateko. 

Facebook