Gazteriaren errealitatea da gure ikasketak amaitutakoan oraindik suspertze bidean aurkitzen den ekonomiaren aurrean aurkitzen garela, lehenagoko belaunaldiei eskaintzen zizkien aukerak eskaini ezin dizkigun ekonomia. Horregatik, eta egoera honen aurrean, Euzko Gaztediren aldetik arduragabe jotzen dugu horrenbesteko esfortzu eta sakrifizio egin ondoren, lan merkatura are eskubide gutxiagorekin irten behar izatea.
Euskal gazteriaren arazorik nagusienetakoa da emantzipazioarena, eta lan eskasiagatik arazo hau areagotu egin da egunotan. Estatistikek behin eta berriz esaten dute euskal hiriburuetan metro koadrorik garestiena dagoela, eta beste alde batetik, logikoa ere bada Bilbon eta Donostian lurzoru urbanizagarririk ia ez dagoela ikusirik. Ondorioz, gobernu zentralak ugazaberiaren eskari hau beteko balu, euskal gazteek are zailago izango lukete emantzipaziorako urratsa eman ahal izatea .
Espainiar gobernuko buruak ugazaberiaren alde egin zuen nazioaren egoeraren gaineko azken eztabaidan, 100 euroko tarifa iragarri zuenean Aseguru Sozialari egin beharreko kotizaziorako, hau da, egoera normalean ordaintzen denaren % 30aren ordez. Langile gisa dagozkigun eskubideak eta gure etorkizuneko pentsioa kaltetzen ez bada neurri ona dela pentsa dezakegun arren, zalantzarik ez dugu neurri horrekin laneko kostuak merkatu nahi direla eta enpresen mozkinak handitzea bilatzen dela. Kotizazio sozialen beherapenak ez du, berez, enplegurik sortzen, horretarako behar da egoera ekonomikoa hobetzea eta barne eskaria igotzea, hau da , kontsumoa .
Gazteak nekatuta gaude ondoen prestatutako gazteria garela entzuteaz, gero gure esfortzu ekonomikoa baloratzen ez duten eragile ekonomikoekin topo egiteko. Nekatuta gaude, bekaz beka ibili behar izateaz, praktika bat beste batekin lotzeaz, ikasle ez bagara enpresek baztertu egiten gaituela ikusteaz, ordaindu behar ez den lan eskua nahi dutelako . % 29,4ko gazte langabezia nahikoa gogorra da espainiar ugazaberiaren soluzio bakarra halako lanpostuak sortzea izateko. Lanpostu bila eskean ibiltzea eskatzen digute gure oinarrizko beharrak asetzeko balio ez duen soldataren truke .
Gazteak prestatuta gaude, ilusioa dugu eta aukera bat baino ez dugu eskatzen gure talentua, hazteko ditugun gogoak, munduari kosk egiteko ditugun asmoak erakuts ditzagun. Horregatik, Euzko Gaztedi-EGI erakundearen aldetik CEOE erakundeari eskatzen diogu lan kosteak merkatzeko eta enpresen lehiakortasuna gure ametsen kontura handitzeko ahaleginari uko egin diezaiola. Gazteena da, gaur egun, krisiak gogorren kolpatzen duen gizarte taldea, eta bitxia bada ere, krisi hori eragin dute gure eskubideei uko egitea eskatzen diguten horiek. Eskubiderik gabe ez dago gizarterik, eta gizarterik gabe ez dago etorkizunik .