Ezagutzera eman

BERRIAK

2014/06/27
«Ekonomia da, ergel hori» esaldia oso erabilia izan zen AEBko politikan 1992 urtean Bill Clintonek George H.W. Bush (aita) presidente zenaren kontra egin zuen hauteskunde kanpainan. James Carville, Bill Clintonen hauteskunde kanpainako estrategiaren arduradunak esan zuen hiritarren eguneroko bizitzarekin zerikusia zuten gaiak eta beren beharrizanak aztertu behar zirela. Larunbatean, ekainak 28, LGTB Harrotasunaren Egunean, Euzko Gaztegi EGI erakunde honek esaldi argi honen bidez pertsonen arteko berdintasuna eta aniztasun sexuala aldarrikatu nahi ditu, gure eguneroko bizitzarako ezinbesteko direlakoan.

Eskubideak eta askatasunak aldarrikatzeko eguna. Pertsona guztien berdintasuna defendatzeko eguna, pertsona guztiek eskubide berberak dituztelako. Sexu askatasuna aldarrikatzeko eguna, norberak bere izaera erabakitzeko askatasuna, sentitzen duena adierazteko eta erabakitzeko askatasuna. Oztoporik gabe. Mugarik gabe.

Ezin ukatu XXI. mende honetan gauzak goitik behera aldatu direla. Hoberako aldatu dira. Hiritargoak LGTB elkargoa gizartearen baitan onartu du, elkargo honetako pertsonei beren eskubideak aitortuz. Sexu bereko pertsonen ezkontzen zilegitasuna eta umeak adoptatu ahal izatea dira bide onean goazela adierazten duten datuak .

Mende honetan eman diren aldaketak ageri agerikoak dira gure gizartean. Baina, ezin dugu ahaztu hainbat estatutan pertsona hauen eskubideak zapaltzen eta eragozten dituztela. Homosexual asko eta asko heriotzaraino jazarriak dira, soilik homosexualak direlako .

Bigarren eta lehen mailako hiritarrak dira, eskubideak aitortzeko , baina ez beren derrigorretan. Pertsona guztiek zerga berberak ordaintzen dituzte, legea betetzen dute eta espetxera joan ahal dira. Ezin ahaztu,ordea, asko espetxean sartzen dituztela homosexualak direlako .

Asko dago oraindik lantzeko. Erruz dago borrokatzeko. Pertsonarik ahulenek jazarpena,mesprezua eta beren inguruaren gaitzespena pairatzen dute. Gazteenek edo etorkinek zailtasunak dituzte  eta  beren inguruan ez dute normaltasun egoeran bizitzea lortzen. Horretarako, heziketa integratzailea bultzatu behar dugu, pertsona guztien eskubide eta askatasunak bermatzeko, pertsona horiek guztiak gizarte berdintzaile eta bidezkoagoa sortzeko gai izan daitezen.

Berdintasuna, XXI. mendeko gizarte ireki eta tolerantean inor baztertuta senti ez dadin. Bidegabea, justiziak baztertuta dagoena gizarteratzeko behar diren tresnak martxan jar ditzan, pertsonen eskubideak bigarren lerroan gera ez daitezen. Eta erakundeak berdintasunaren eta justiziaren bermatzaile ez badira, gizartea izan dadila horiek helburu biak errealitate bihurtzeko borrokatuko dena .

Ez dira gutxi sexu bereko bikoteen eskubideen eskubideak aitortzea begi onez ikusten ez duten erakundeak. Horren aurrean, gu gara borrokatzen jarraitu behar dugunak normaltasunak gizartean dagokion tokia izan dezan .

Demokraziak  bere sorreratik izan du hiritar guztien berdintasunaren alde egiteko helburua. Esklabutza bidegabearen amaierak pertsonen arteko berdintasuna ekar zezan. Emakume eta gizonek, txiroek eta aberatsek, gazteek eta nagusiek erakundeetan erabakiak hartzeko esparruetan parte hartzerik izan zezaten. 

Gure botoek balio berdina izatea lortu dugu. Gizakia gizakiaren jabe natural ez izatea  eta merkatuan "lau txakur txikiren truke" ez saltzea lortu dugu. Hiritarrontzat gero eta askatasun kuota handiagoak lortzen ari gara. Orduan,zergatik ez ditugu  gure eskubideak defendatuko? Emakumeak eta gizonak berdinak legean. Onerako zein txarrerako. Eskubide berberak denontzat .

Euzko Gaztedi EGI erakundeak hiritar guztiak animatu nahi ditu gure herri eta hirietako kaleetan egingo diren manifestaldietan parte har dezaten. Eta gogoratu, inork gure aldarri hau zalantzan jarriko balu ,erantzun zuzen bakarra dago: "berdintasuna da,ergel hori!"  . 

Facebook