Orain dela bi egun, besterik ez, catalunyar lagunek ez dute ordain bera jaso.Eskoziakoarekin, Europar kontinente zahar honetan bizi garen Estatu gabeko Nazioen gainean hedatu diren laino beltzen artean, argi izpi demokratikoa antzeman genuen. Eskoziar aurrekariaren ostean, itxaropentsu egon gintezke Europa berria sortzen ari zela pentsatzean. Katerik eta inposiziorik gabea. Baina, agerian geratu da argi izpi horrek ez duela Mantxako kanala zeharkatu, ez dituela Pirinio mendiak gainditu. Airean geratu da, lurra jo gabe. Catalunyar gizon eta emakumeek iragan asteartean jakin zuten Espainiar estatuak ahal duen guztia egingo duela eta,beharrezko badu, erabateko boterea baliatuko duela, azaroaren 9an hautestontzietara joaterik izan ez dezaten; demokraziarako hain osasuntsua den ariketa hori egin ez dezaten, hau da , botorik eman ez dadin; hain luze eta korapilotsu baina era berean egingarri ikusten zuten eta ikusten duten bidearen lehen urratsa eman ez dezaten. Beste behin ere, duela urte batzuk euskal gizarteari gertatu zitzaion bezala, Europa berrirako bidea zabaltzen duen atea zeharo itxita geratu da catalunyarrentzat, eta lainoak trinkoago eta beltzago daude orain, egunen batean, izan nahi duguna gure kabuz erabakitzeko aukera eta askatasuna izatearekin amesten dugunontzat.
Auzitegi Konstituzionalak, arbitro erosia bera, jaten ematen dion eskuari haginka egiten ez dionak, iragan asteartean catalunyar gizartearen erabaki eskubide aske eta demokratikoa baliatzeari uko egin zion, baina sinesgarritasuna erabat kendu diona izan da catalunyar herriari herritarren parte hartze prozesua egitea ukatu izana. Catalunyarrentzat ez dago ez adierazpen eskubiderik ezta botoa ematerik ere. Jagole eta aldi berean karlin-txakurra den Auzitegi Konstituzionalaren bidez, Espainiar Gobernuak catalunyar gizarteari bere borondatea adierazteko modu guztiak ukatu dizkio, isilaraziz, gehiengoaren borondatea bahituz, borondate hau herritarrek behin eta berriz demokratikoki, bakean eta milaka lagun batuta adierazia izan den arren. Eskoziako kasuan ez bezala, catalunyar "Ezetza" botere zentralak inposatu du, Madrilek inposatua etorri da. "Ezetza" hiritarrei galdetzeari. "Ezetza" adierazpen askatasunari. "Ezetza" hala nahi izan dutelako, besterik gabe. Beren burua legearen eta demokraziaren gotorleku hartzen dutenek ez dute lehena errespetatzen eta ez dute bigarrena baliatzen. Ez dute elkarrizketarik nahi, are gutxiago nahi dute denen arteko akordiora iristerik. Non geratu ote da Nazio Batuen Kartaren agiri batean islatzen den determinazio askearen oinarrizko eskubidea?
Euzko Gaztedik, independentziaren aldeko erakundea den heinean, catalunyar prozesua babesten du gaur, lehenago eskoziar prozesua babestu izan duen indar eta uste berarekin. Eta Catalunyako Govern-ek bere herritarren mesederako hartuko duen erabakia babestuko du . Euzko Gaztedik, beraz, catalunyar gizon eta emakumeei adierazi nahi die beren solidariotasun osoa eta babes leial eta zintzoa, igande historiko honetan, azaroak 9, gertatuko denari begira. Gurpiletan nahi beste makila jarri arren, gure bideetan nahi beste oztopo jarri nahi dizkiguten arren, euskal eta catalunyarrok ez dugu amore emango, ez gara helmugara iritsi arte geldituko .