Ezagutzera eman

BERRIAK

2014/12/03
Euskaldun sentitzen gara, eta Euskalduna hitzak, euskara duena esan nahi du. Eusko hitza, berriz talde, instituzio edo marka bati Euskalduna dela adierazteko erabiltzen den hitza da. Euzko Gaztedi-EGIn, horixe gara, gazte Euskaldunak, Euskara geure dugun gazteak.

Espainiar estatuak, eta bereziki PPren Gobernuak bere gehiengo osoaz baliatuz, gogor eragin dio Euskal Herriari, hainbat lege zikoitz eta jarrera zapaltzaileak hartuz.  Bere lana hain ongi betetzen duen ordezkariari entzun besterik ez dago, Urkijok, euskarari buruz hitz egiten duen bakoitzean Gobernuak, gure hizkuntzarekiko duen izaera erakusten baitu. Atzerriko hizkuntzak ikastearen garrantziaz hitz egiten digute, mundu globalizatuan gaitasun gehiagoz moldatzeko hobe dela esnez. Baina, nabaria da euskarari trabak jartzeko estrategia faltsu bat besterik ez dela. Zergatik ari gara bestela, kulturan hainbeste murrizketa jasaten? Krisiarengatik? To! Krisiaz baliatzen dira, euskal kultura indargabetzeko. Zer da ba herri bat hizkuntzarik eta kulturarik gabe? Antza, Urkijori zaila egiten zaio euskaraz ikastea, euskarari dion gorrotoarengatik egiten zaio zail? Edo, guk bezala sentitzen ez duelako?

Nafarroan ere, hizkuntza politika aldatu beharra dagoela eginez ari zaizkigu. Horretarako, euskararen normalizazioaren aurkako diskurtsoak eginaz, gaztelania hutsean mintzatzen direnentzat baztertzailea eta kontzepzio nazionalisten eraginpean formulaturikoa dela argudiatuz. Justizia darabilte, hizkuntzak itotzeko.

Alde batetik nahikoa ez eta bestaldetik ere egurra! Frantziar estatuak zenbateko laguntzak eman dizkio euskarari? auzapezak ere hasi zaizkigu, iparraldean euskararen birika diren ikastolei, bide horiek ixten. Otsoak bailiran ari gaituzte inguratzen!

Zergatik ditu Euskarak inguruan hainbeste otso? Zergatik jartzen dizkie hainbeste lege-oztopo  gure hizkuntzari? Zergatik galarazten digute sentitzen dugun zerbait? Noiz arte jarraitu behar dugu gure aitaren etxea defenditzen otsoen kontra edota justiziaren kontra? Noizko gure aitaren etxeak zutik dirauen duen ametsa bete?

Adituen hitzetan, amesten dugunean ez dugu hizkuntza batean edo bestean egiten. Ez dakigu guk euskaraz amesten dugun edo ez, bai segur aski. Baina garbi dugu Euskara, mundu guztitik ezberdintzen gaituen hizkuntza, lau haizetara ezaguna izatearekin amesten dugula, gure aberri maitea den Euskadi aske batekin amesten dugun bezala, eta ziur gaude lortuko dugula! Euskara sentitzen dugu, bai,  baina sentitzen dugun oro ere, euskaraz egiten baitugu. Geure amaren beharra sentitzen dugun moduan,  sentitzen baitugu geure ama hizkuntza.

Nola defenditu bestela nire aitaren etxea, ama hizkuntzarik gabe?

Facebook