Ezagutzera eman

BERRIAK

2015/04/30
Eurostat-ek "Europan gaztea izatea gaur" izenburupean duela gutxi argitaratu duen txostenean ematen den datua ez da bat ere berria guretzat. Txosten honetan jasotzen da Euskadiko gazteak bataz beste ez garela emantzipatzen 30 urte bete arte, eta langabezia eta lan prekarietatea direla horren errudun nagusienak, baina ez bakarrak.

Errealitatea da legeri bati eta eredu ekonomiko bati lotuta bizi garela, eta  errealitate horrek gure lan eskua merkatzeko hautua egin duela, hau da, gure soldatak, ustezko lehiakortasuna irabaztea helburu. Hori dela eta, gure zergen eta ahaleginaren bidez landutako talenturik onena euro-guneko ekonomia onenei eskaintzera joateko beharra ikusi dugu. Madrilen ezarritako lan erreformen mende egoteaz gain, gure babes soziala ere  Gobernu Zentralak arautzen du eta haren mende dago. Babes horren eboluzioa ere ez da bat ere positiboa izan. Bata bestearen atzetik egin diren erreformekin, langabezi egoeretan ematen den babesak behera egin du, eta lanbide arteko Gutxieneko Soldata bere horretan geratu da onartezin jotzen dugun mailan. Estatu mailan ematen den paradoxa da  EAEk eta Nafarroak estatuko hegoaldeko erkidegoetako per capita errenta bikoizten dugun arren, erkidego guztiak lege ekonomiko berberak arautuak direla. Euskadin Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata ohikoa ez den arren, gure inguruan dagoen langabezi tasa handiarekin eta lanpostu eskaria eskaintzaren gainetik dagoela, ezerk ez luke eragotziko gaur egungo gazteek miseria hori kobratzea. Ondorioz, argi dago gure ardurakoa dela gero eta autogobernu maila handiagoa eskatzea, lan merkatuak aurkeztuko dizkigun erronkei aurre egin diezaiegun.

Sindikatuek eta haien buruek aipamen bat merezi dute gai honetan. Maiatzaren lehen honetan, elkartuta edo bakoitza bere aldetik,  agertuko dira gobernu batzuek aplikatzen dituzten politika neoliberalen kontrako aldarriak eginez. Eta, maila batean, arrazoia ematen diegun arren, gazteok ezin ditugu begiak itxi, gure herrian ordezkaritza handia duten sindikatu batzuen praktiken aurrean, langileen batasuna urratzen baitute, hainbat enpresatan lanpostu berdinerako soldata eskala bikoitzak onartzen dituztelako. XXI. mende honetan emakume eta gizonen arteko  soldata-berdintasunaren alde egiten duen gizarteak ezin du atzera egin horren oinarrizkoak diren gaien aurrean, batzuen eskubideei eustearren  hitzarmen kolektiboak beste batzuen eskubideen kaltetan negoziatzeko orduan. Are gehiago,  ‘beste’ langile horiek gazteak garenean, gure lantegi eta enpresetan etengabe egiten den  belaunaldien arteko txandaketa  kasuetan.

Ekonomiak aldeko du haizea une honetan. EAJ-PNV-ren  eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik sare industrialaren, Enpresa Txiki eta Ertainen nazioartekotzearen eta  Europako herrialderik garatuenen mailako I+G+B politikaren alde egin den apustuak lagundu digu  krisiari inguruko ekonomiek baino hobeto aurre egiten. Gure politika ekonomiko eta industrial berezituak eraman gaitu, gaur egun,  suspertze ekonomikoak gure aurrean aurkezten dituen aukerak baliatzeko egoera hobean egotera. Orain bai,  guri dagokigun derrigor etiko eta morala da suspertze hori hiritarrentzat horren beharrezko dugun lanpostuak sortzeko prozesuaren bidez ahalbidetzea. Jaioterritik irteteak borondatez hartzen den aukera izan behar du gazteentzat, eta ez derrigorra, gure ekonomiak aukerarik eskaintzen ez duelako.    

Justizia soziala eta Independentzia !

Facebook