Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, mezu argi bezain garbia adierazi nahi izan die gaur, Mundakan, EGI Eguna ospatzeko batu diren Euzko Gaztediko kideei eta euskal gazteria osoari. Ortuzarrek gomendatu die gaur egun gazte, moderno eta iraultzaile aurpegiarekin aurkezten direnen amarruen mende ez erortzea, beren itxurakeriaren azpian munduaren eta politikagintzaren ohitura zahar eta ikuspegi zaharkituak gordetzen dituztelako. “Egunotan entzun duzue. Batzuentzat, beren helbururik nagusiena da EAJ erakundeetatik kanporatzea. Horixe da beren egitasmo bakarra. Ez dago ezer zaharragorik, zaharkituagorik, demokraziaren kontrakoagorik, ‘kendu zaitez ni jar nadin’ asmo hori baino. Ba al dakizue zein den EAJren eta Urkullu Lehendakariaren Gobernuaren helbururik nagusiena? Enplegua. Euskal herritar guztiontzako lanpostu duina, eta bereziki euskal gazteentzat. Horretan ari gara, horretan egongo gara buru-belarri”. Jeltzaleen buruak eszenatokia eta diskurtsoa partekatu du zortzi EGIkiderekin, eta hauek Bake eta Bizikidetzaz, Berdintasunaz, Euskaraz eta Kulturaz, Independentziaz, Gazteriaz eta Politikaz, Gizarte Zerbitzuez, Enpleguaz eta Aisiaz dituzten irizpideak azaldu dituzte. Ortuzarrek animatu ditu Euzko Gaztediko kidetza eta EAJ-PNVren alderdikidetza harrotasun osoz bizitzera. “Etorkizuneko Euskadi eraikitzeko dagoen erakunderik eta Alderdirik onenean zaudete. Egon zaitezte EGIkide izateaz harro, EAJ-PNVren alderdikide izateaz harro”, esan du EBBren presidenteak, eta gazteek asaldatzeko eta mugak gainditzeko duten gaitasuna goraipatu du. “Ez zaitezte isilik geratu” animatu ditu “izan zaitezte bizkorrak eta adi egon zuen helburuak eta ilusioak inork manipula ez ditzan”. Puntu honetan Ortuzarrek gogoratu ditu bera EGIkidea zeneko denborak: “Hemen, batzuk herria eraikitzen ari ginen bitartean, beste batzuk, pankarta baten atzean, gu kritikatzen eta ‘epel’ deitzen. Eurak omen ziren benetako abertzaleak, abertzale bakarrak. Eta euskal gazteen izenean hitz egiten omen zuten. Hemen ‘betigazte’ asko egon dira beti , palestinoa eta polarra jantzita euskal gazteriaren zati handia erakarri zuten, eta gero gertatu zen gertatu zena”.
“Baina ez naiz etorri inoren iragana ateratzera, ezta irakurketa politikoa egitera ere. Ez dut horren probetxurik atera nahi, ez dut polemikarik ireki nahi. Guztiz alderantziz, hemen nahi dudana da iragan hori gogoan izan dezagun hurrengo gazte belaunaldiak zulo horretan eror ez daitezen. Euskadiko gazte bakarrak pentsa ez dezan indarkeria dela arazo pertsonalen edo gizarte arazoen konponbidea”.
Ildo beretik, Ortuzarrek euskal gaztei arrisku batzuez ohartarazi nahi izan die “gazteria erabili nahi duten muturreko jarreren sorreraren” aurrean. “Eta, berdin dit eskuindarreko edo ezkerreko muturrekoak badira: Berdin dit kopeta ilehoria edo maukak bilduta badaramatzate. Ez ‘mister Trump’ ezta ‘Iglesias kamarada’ ere. Populismo merkeak dira eta jendearen sentimenduekin jolasten dute, ur nahasietan arrantzan ari dira eta, egia da bidegabekeria asko daudela”. Jeltzaleen buruak aitortu du Euskadin, egoera orokorra ingurukoa baino hobea den arren “konponbideak behar dituzten arazoak” ditugula. Baina azpimarratu duenez “konponbide horiek ez dira ultraliberalen edo ultraezkertiarren eskutik etorriko. Jende baikorrak ekarriko ditu, lan egiteko, ekiteko eta sortzeko prest egongo den jendeak. Ez da nahikoa kritikatzea, ez da nahikoa dena txarto dagoela esatea”. Eta gogora ekarri ditu Urkulluren gobernua gazteen langabeziari aurre egiteko martxan jarri dituen baliabideak eta egitasmo eta programak. Arazo hori ez baita soilik euskaldunena baizik eta Europar Batasun osoarena.
Ortuzarrek Urkullu lehendakariari orain dela gutxi eman zuen hitzaldian esan zion esaldia ekarri nahi izan du gogora: “Esaldia baino gehiago da. Bizitzeko modua da. Aurrean dugunaren laburpenik onena da. Lehendakariak esan zuen askotan entzuten duela gure seme eta alabak gurasoak baino okerrago biziko direla eta berak horren kontra egiten duela: Gure semeak eta alabak gu baino hobeto bizitzea lortu behar dugu. Zuek denok bizimodu ona izan dezazuen” esan die EGIko gazteei. “Ataza handia daukagu, daukazue: Euskadi hobea eraikitzea, emakume eta gizon askeek egingo duten aberri askea. Euskal gizartea guri begira dago, guri begiratzen digu bide hori zabal dezagun. Gizarteak jakin badaki norengandik eskatu ahal duen lana,konpromisoa eta ekimena. Gu gara horiek, Euzko Gaztedi, Euzko Alderdi Jeltzalea”.
Bestela ezin litekeelako izan, Ortuzarrek EGIkideak animatu ditu iragan otsailean Iruñean ospatutako Batzar Nagusian aldarrikatu zuen ‘Zazpiak Bat’ goibururantz ilusioz eta erabakimenez aurrera egitera. “Euskal herrialde guztien arteko lankidetza sustatu behar dugu. Hegoaldea eta Iparraldea elkarrekin lan eginez, batera, bakoitza bere erritmoarekin, baina beti askatasunez adierazitako borondatearekin, baina elkarrekin. ‘Zazpiak bat’ nahi dugu Herrien Herria garelako, Herrialdeen Herrialdea, baina batez ere pertsonen nazioa. Oso garrantzitsua da ideia hori hartzea, zuena egitea, hobetzea, indartzea eta zabaltzea. Pertsona helburu duen nazioa gara. Eta nazio hau geldirik egongo da horrenbeste pertsona langabe dauden bitartean. Nazio hau baztertuta egongo da bazterketa egoeran daudenak altxatzen saiatzen ez bada. Nazio hau itxita egongo da kanpotik etorkizun bila, babes bila datorrenari ateak ixten badizkio. Nazio hau ez da iraunkorra izango gure ingurumenaren garapen iraunkorra bultzatzen ez badugu. Nazio hau antzua izango da, zuek guztiok, emakume eta gizon gazteak egin dezakezuen onena egitera animatzen ez bazaituzte, hemen jaio eta haziko diren semeak eta alabak, hurrengo mendeko Euskadi bermatuko dutenak
“Euskadiren geroa esku onetan egon behar du. Zuen eskuetan. Zuri Dagokizu! Zuei Dagokizue! Berriz nator zuei konpromisoa eskatzera. Ondoan izango gaituzue, Alderdia eta erakundeak izango dituzue, zuen ondoan lan egiten: Baina zuek zarete zuon etorkizunaren protagonista eta eragileak. Zuen geroa da, Euskadiren etorkizuna. Goazen denok horren bila!”, amaitu du EBBren presidenteak.