“Gazteriaren ahotsa entzuna izan dadin, guk ere zer esana badugulako eta gure iritzia dugulako, iritzi propio eta heldua” hitz horiekin aurkeztu du Diana Gonzálezek, EGI erakundearen Bizkaiko ordezkari nagusiak, gaur Mundakan ehunka EGIkidek ospatu duten EGI Eguna. Jai hau urteroko ospakizuna izan ohi da EAJ-PNVren gazte erakundearen egutegian. Urtetik urtera, ekitaldi honetan aldarrikatu ohi dira eta ahotsa jartzen zaie euskal gazteriaren beharrei. Egun hau ere bada EGIk urtean lan egindako guztiari hitzak jartzeko baliatzen duen mementoa, elkarteko kideen artean eta EAJ-PNVren exekutibekin “guk ere Alderdiaren barruko ekintzetan parte hartzen dugulako,zuen babesa dugulako” esan die esker onez ekitaldian izan diren buru jeltzaleei.
Bizkaiko ordezkariak ekitaldira hurbildu diren guztiak animatu ditu Euskadiko gazteriak bizi duen errealitateaz jabetu daitezen. Zentzu berean gogoratu duenez “Euzko Gaztediren gizarte sareetan Zuri Dagokizu kanpainaren goiburua ikusi ahal izan duzue, hauxe gure mementoa delako, gazteriaren mementoa. Kanpaina hau da kalean egoteko, hiritarrekin eta, batez ere, aktibista izateko eta gizarte honen parte garen heinean dagokigun erantzukizuna geureganatzeko”. Eta, goiburu horen pean, zortzi EGIkide eszenatokira irten dira bertaratutako guztiekin kezkatzen dituzten gaien inguruko ikuspuntu eta irizpideak partekatzeko. Mikel Magunazelaiak bake eta bizikidetzaz hitz egin du; Jon Andoni Urdangarinek kulturaz eta euskaraz; Iker Ibarrondok enpleguaz hitz egin du; Janire Garcia berdintasunaren inguruan mintzatu da; Arantzazu Saratxagak gizarte politikei buruz hitz egin du; Asier Areitioz gazteez eta politikaz eta Oier Zuberogoitia independentziaz.
Horiek guztiek hitz egin ondoren, Diana Gonzalezek EBBren presidente Andoni Ortuzar gonbidatu du Zuri Dagokizu aldarria egiteko. Une horretan, jeltzaleen buruak mezu argi bezain garbia adierazi nahi izan die Euzko Gaztediko kideei eta euskal gazteria osoari. Ortuzarrek gomendatu die gaur egun gazte, moderno eta iraultzaile aurpegiarekin aurkezten direnen amarruen mende ez erortzea, beren itxurakeriaren azpian munduaren eta politikagintzaren ohitura zahar eta ikuspegi zaharkituak gordetzen dituztelako. “Egunotan entzun duzue. Batzuentzat, beren helbururik nagusiena da EAJ erakundeetatik kanporatzea. Horixe da beren egitasmo bakarra. Ez dago ezer zaharragorik, zaharkituagorik, demokraziaren kontrakoagorik, ‘kendu zaitez ni jar nadin’ asmo hori baino. Ba al dakizue zein den EAJren eta Urkullu Lehendakariaren Gobernuaren helbururik nagusiena? Enplegua. Euskal herritar guztiontzako lanpostu duina, eta bereziki euskal gazteentzat. Horretan ari gara, horretan egongo gara buru-belarri”. Ortuzarrek animatu ditu Euzko Gaztediko kidetza eta EAJ-PNVren alderdikidetza harrotasun osoz bizitzera. “Etorkizuneko Euskadi eraikitzeko dagoen erakunderik eta Alderdirik onenean zaudete. Egon zaitezte EGIkide izateaz harro, EAJ-PNVren alderdikide izateaz harro”, esan du EBBren presidenteak, eta gazteek asaldatzeko eta mugak gainditzeko duten gaitasuna goraipatu du. “Ez zaitezte isilik geratu” animatu ditu “izan zaitezte bizkorrak eta adi egon zuen helburuak eta ilusioak inork manipula ez ditzan”. Puntu honetan Ortuzarrek gogoratu ditu bera EGIkidea zeneko denborak: “Hemen, batzuk herria eraikitzen ari ginen bitartean, beste batzuk, pankarta baten atzean, gu kritikatzen eta ‘epel’ deitzen. Eurak omen ziren benetako abertzaleak, abertzale bakarrak. Eta euskal gazteen izenean hitz egiten omen zuten. Hemen ‘betigazte’ asko egon dira beti, palestinoa eta polarra jantzita euskal gazteriaren zati handia erakarri zuten, eta gero gertatu zen gertatu zena”. “Baina ez naiz etorri inoren iragana ateratzera, ezta irakurketa politikoa egitera ere. Ez dut horren probetxurik atera nahi, ez dut polemikarik ireki nahi. Guztiz alderantziz, hemen nahi dudana da iragan hori gogoan izan dezagun hurrengo gazte belaunaldiak zulo horretan eror ez daitezen. Euskadiko gazte bakarrak pentsa ez dezan indarkeria dela arazo pertsonalen edo gizarte arazoen konponbidea”.
EAJ-PNVren hainbat herri kargudun eta barne kargudun hurbildu dira gaur Mundakara gazteekin batera egun berezi hau ospatzera. Iñigo Urkullu lehendakariak; Itxaso Atutxak, BBBren buruak; Mireia Zaratek, EBBRen Idazkariak; Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, besteak beste, ez dute galdu nahi izan bizipenak,oroimenak eta irizpideak partekatzeko aukera, egun osorako antolatu den egitarau luzean. Ekitaldi politikoaren ondoren “eguerdiko poteoa” egin da, eguerdi aldean 150 lagun bazkaltzeko batu dira eta arratsaldean jolasak eta bertso poteoa, 2016ko EGI Eguna iluntzean egingo den ‘I am basque fest’ jaialdiarekin amaitzeko.