40 urte luzez, zigortuak, zapalduak eta erreprimituak izan gara. Ama azkenengoz agurtu zuten gudarien legez, zintzotasunez eutsi diogu, bakearen aldeko aldarriari. Edozein gerra, diktadura, terrorismo, indarkeria eta eskubide urraketaren aurka gaudelako. Guri, gazteoi dagokigu bidegabekeria hauetatik eratorritako biktima guztien alde, egia azaleratzea, justiziak bere lana egin dezan eta ahal dugun neurrian erreparazioaren alde ekitea.
Parkatzen jakin arren, ez garelako ahaztuko. Herri honetan inor ez dagoelako soberan, guztiok osatzen dugulako, tokia denontzat dagoelako eta, batez ere, elkarrekin bizi behar dugulako, nahiz eta norbere ideiak eduki, gainontzekoei entzun eta beren lekuan jartzen ikastea ezinbesteko pausua delako behin betiko bakea lortzeko bidean. #ZuriDagokizu