EGIk antolatutako ekitaldia Bilbon izan da, eta, agerian utzi du gazteen interesa eta inplikazioa politikan. Horretarako, Urkullu lehendakariarekin batera EGIko hiru gaztek hartu dute parte; hain zuzen ere, gizartearen alde euskal erakunde desberdinetan lan egiten dutenak, EAJ-PNVren berritzearen apustua babestuz.
Lehendakariak, bestalde, bere helburu nagusia enplegua dela nabarmendu du. “Enplegua da zuen lehentasuna, baita gurea ere, argi azaldu nahi izan dugu gure Programan. Datozen lau urteetan 20.000 gaztek lehen lan aukera bat izango dute. Heziketa Duala indartuko dugu. “Ikasketa eta lana” uztartzea da bidea eta programa hauetan 5.000 enpresek parte hartzea lortuko dugu. Gazteek ere lehentasuna edukiko dute Udal Enplegu planetan, kontratatuen %30 gazteak izango dira”.Urkulluren berbetan, gazteen formazioa ekonomia berriari egokitzen zaio, sektore eta ekinbide berriak sortzen ari direlako, besteak beste, kultura eta sormen industriak. “Sektore horretan guztira 200 profesio berri identifikatu ditugu eta, egun, 70.000 pertsonek egiten dute lan. Lehentasun bat da guretzako gazteentzako enplegua sortzen duelako”, esan du.
Lehendakariaren iritziz, hau guztia burutzeko, politika dela baliabiderik onena adierazi du, politika espektakulotik aldenduz. “Zuen parte hartzea eta konpromisoa eskertu nahi dut. Hori da politikaren xedea. Belaunaldi berrientzako etorkizun hobe bat eraiki behar dugu, horregatik eta horretarako hartu behar da parte eta erakutsi behar da konpromisoa. Gure eredua azpimarratuko dut, hitz batekin: “irauntza”, hau da eguneroko konpromisoa eta ahalegina, etengabekoa”, amaitu du Urkulluk.