Ezagutzera eman

BERRIAK

2017/11/24
Euzkadi Buru Batzarreko presidentea Zarautzen izan da alderdi jeltzalearen gazte erakundearen VII. Bilera Nagusiaren hasiera ekitaldian

“Jabetzen naiz genero indarkeria, urterik urtera, zoritxarrez, hainbat emakumeren bizitza berarekin daraman matxismo bortitz hori, hainbat emakume sufrimenduaren mende murgilduta dituen orban latz hori, Bilera hau egiteko prozesuan landu dituzuen gai nagusietako bat izan dela. Arlo horretan egingo duzuen guztia, denok egingo dugun guztia, gutxi izango da. Arazo hau iraganeko kontu bat izatea lortu behar dugu, gizarte gisa gaitz hau hainbat arinen gainditzea lor dezagun. Denon artean lortu behar duzue, lortu behar dugu, genero indarkeriaren kontrako borroka eta berdintasun politikak, gaitz honi aurre egiteko antidotorik onena direnak, zuen eta gure eguneroko jardunaren ardatz izan daitezen”. Hori izan da Andoni Ortuzarrek  Zarautzen , Antoniano Ikastetxean EGIren VII. Bilera Nagusia zabaltzeko  egin den ekitaldian gazte jeltzaleekin partekatu duen hausnarketa nagusia. Ekitaldi berean hitz egin du Ainhoa Usandizaga EGikideak.

Amaitzeko, Ortuzarrek EAJ-PNVren gazte erakundeko kideak gonbidatu ditu euskal aberria eraikitzen jarraitzera “Pausoz pauso  eta gure bidetik. Beti gure bidea egiten. Jabetzen gara bide honetan mila zailtasun ditugula, baina argi eta garbi daukagu ez dugula atzera egin behar. Egunez egun Aberria eginez,  mundu globalizatu honetan gero eta askeago izanez. Beste batzuk etorriko  dira esaten ditudan hitz hauek hutsak direla esanez, gaur ere konponbidea `borroka´ eta apurketa dela esango dutenak. Kasurik ere ez. Duela berrogei urte berdin esaten ziguten eta begira zer nolako desastrea izan den. Gu gure bidetik, abertzaleak gara buruz eta bihotzez, oinak lurrean baina gelditu gabe. Bidea eginez. Aurrera egiteko prest, Euskadirentzat askatasunezko etorkizuna irabazteko prest”.

Euzko Gaztedi (EGI) erakundeak gaur eta bihar ospatu du Zarautzen bere VII. Bilera Nagusia, Euzko Alderdi Jeltzalearen gazte taldeak hurrengo lau urteotarako jarraituko dituen lerro estrategikoak zehaztuko dituen prozesuari amaiera emanez. Garapen jasangarria, gizarte berdintasuna, ekintza politikoa eta hezkuntza izan dira EGI erakundeak bere barne erakundeen baitan prozesu parte hartzaile batean jorratu dituen ardatz nagusiak. Prozesu hau amaituko da jeltzale gazteek Euskadiko gazteengana zuzenago iristeko xedez prestatu dituzten agiriak onartzearekin batera.

Facebook