OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Barregurea ematen dit oposizioak esaten digunean Euskadiren egoeragatik gehiegi harropuztu ez gaitezela ‘Euskadi ez da irla bat’ esanez. Jakina ez dela irla bat. Horregatik dauka meritu handiagoa azken berrogei urteotan egin dugunak. Euskadi ez da irla bat, baina Euskadi itzela da!”. Hitz horiek esan ditu Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, eta entzuleen txalo zaparrada handia jaso du Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta Ane Miren Atín EGIkidearekin batera protagonista nagusi izan duen Alderdi Egunean. Forondako zelaiak berriz ere txiki utzi dituzten milaka alderdikide eta alderdizaleen aurrean, Ortuzarrek adierazi du ulertzen eta partekatzen dituela euskal hiritargoak Hauteskunde Orokorrak errepikatu beharraren aurrean sentitzen duen sumindura eta haserrea, baina ohartarazpen bat egin nahi izan du: “Euskaldunon haserreak euskaldunon botoa behar du. Abertzaleen haserrea boto abertzale bihurtu behar da”. Urkulluk, bere aldetik, EAJ-PNVk praktikatzen duen “politika probetxugarria” balioetsi du Espainiako politikagintzan gaur egun bizi den “desgobernu eta ezegonkortasunaren aurrean”. “Euskadin konpromiso politikoa eta lan instituzionala ditugu; Euzko Alderdi Jeltzalearen politika zuzen eta probetxugarria daukagu Kongresuan eta Senatuan Autogobernuaren abantzamendua lortzeko, ekonomia produktiboa, industria eta enplegua babesteko”, baieztatu du Lehendakariak.
Ortuzarren eta Urkulluren mezuez gain, 2019ko Alderdi Egunak beste bi interesgune nagusi izan ditu. Alde batetik, Espainiar estatutik eta Europatik, Amerikatik eta Afrikatik etorri diren ordezkariak, hauen artean Gilles Simeoni Korsikako presidentea. Interesa sortu duen beste bisitaria izan da Amerikako Demokrata Kristauen Erakundeko presidentea, Juan Carlos Latorre txiletarra. Ohiko bisitarien artean izan dira PDeCATeko presidente David Bonvehí eta Estatuko beste alderdietako ordezkari batzuk: Compromiso por Galicia, El Pi-Proposta per les Illes, el N-VA flamenco, eta abar. Beste interesgune nagusia izan da EAJ-PNVk hartu duen konpromisoa Euskadi klima aldaketaren kontrako borrokaren abangoardian egon dadin. Ortuzarrek erronka hau azpimarratu nahi izan du bere hitzekin. EBBKo buruaren mezua indartzeko, Unai Basurko nabigatzailearen, Leti Canales surflariaren eta Alex Txikon mendizalearen bideoak ikusi ahal izan dira Forondan.
EBBko presidenteak harrera bero eta berezia eskaini die Euskal Etxeetako kideei, egunotan Euskaditik dabiltzanei Euskal Kolektibitateen Munduko Kongresuan parte hartzeko. “Zortzigarren Herrialdea zarete”, esan die. Eta Simeoni Forondara etorri dela aprobetxatu du bere aita, Edmon Simeoni, 1979ko Alderdi Egunera etorri zenetik hona Euskadik bizi izan duen abantzamendu sozial, ekonomiko eta nazionala aldarrikatzeko. Berdintasun, gizarte babes, errenta, txirotasun, osasun, hezkuntza edo gardentasun adierazleak aipatu eta Euskadi lehen mailan dagoela esan ondoren, Ortuzarrek esan du ez duela ulertzen oposizioak “orain arte lortutakoa kritikatzeko, iraintzeko edo gutxiesteko” daukan obsesioa. “EAJri mesede egin ez diezaion, ez dute arazorik errealitatea itxuragabetu behar badute edo gure Herriaren izen ona zikindu behar badute”.
Jeltzaleen buruak era berean aldarrikatu nahi izan ditu “politika eta zerbitzu publikora dedikatzen garen pertsonak”, “oso ondo ikusita” ez dagoela aitortu ondoren. “Egia da, batzuetan, Madriletik proiektatzen den espektakuluak gauzak oso erraz jartzen dizkietela politikaren kontra daudenei”, aitortu du eta “lotsagarri” jo du hauteskundeak errepikatu behar izatera eraman gaituen prozesua. “Ulertzen ditut haserrea eta sumindura Madrilen gertatzen dena ikusita. Baina, horregatik, azaroaren 10ean, denok bozkatzera. Abertzaleen haserreak boto abertzalea ekarri behar du. Bidal diezaiegun mezu argi eta sendoa, Euskadi bestelakoa dela eta bestelako gauzak nahi dituela”, adoretu ditu.
Amaitzeko, Ortuzarrek gogora ekarri nahi izan du 1979ko Alderdi Eguna “orduan ere betikoak boikota egiten saiatu ziren”. “Aixerrotan Estatutu berriaren aldeko kanpaina egin zen. Orain Estatus Berria prestatzen ari gara. Aixerrotan ikusten genuen gure erakundeak berreskuratuko genituela, Leizaola Lehendakaria itzultzekotan zegoela. Gaur erakunde horiek guztiak inoiz baino indartsuago daude. Eta Lehendakaria Ajuria-Enean dago. Eraikitze bidean dagoen Nazioa gara. Nazio honek ondo baino hobeto daki zer nahi duen eta nola nahi duen. Nazio honek aurrera egiten jarraitu nahi du. Bide onetik goaz, baina urratsak ematen eta oztopoak gainditzen jarraitu behar dugu. Eta aurrera egiteko modurik onena da markatutako bide horretan jarraitzea. Lasterbiderik gabe, deskuidurik gabe. Eta daukaguna babestu behar dugu, elkarrengana areago bildu behar gara gure autogobernuaren inguruan. Gure burua babestu behar dugu iraganera bueltatu nahi dutenen aurrean, bekaizkeria hutsagatik gurea dena kendu nahi digutenen kontra. Euskaldunak gara eta gure burua gobernatu nahi dugu. Eta Herri honek behar dituen bekak nahi ditugu, eta ez Auzitegi Gorenak esango dituenak. Eta berdin nahi dugu ekonomian, gizarte laguntzetan, kirol selekzioetan, kulturan eta euskaran, eta Europan daukagun ordezkaritzan. Guk izan nahi dugu eta eduki nahi dugu euskal gizarteak nahi duena, euskal gizartea erabakitzen duena. Ez gehiago, ezta gutxiago ere”.
Urkullu Lehendakariak omendu nahi izan ditu “euskal herriaren indarra bizirik gorde zutenak, zailtasunei aurre egin eta bide-gurutze bakoitzean bide zuzena hartu zutenak. Agirreren lehen Eusko Jaurlaritza eta Leizaolaren Eusko Jaurlaritza aldarrikatu nahi ditugu eta jarraipena eman nahi diegu. Itzultzea erabaki zuten, muzin egin zioten indarkeria erabiltzeari, bide baketsu eta demokratikoak hartu zituzten eta lanean jarri ziren gure burujabetasuna berreskuratzeko eta Euskadi egunekoko lanarekin eraikitzeko. Bete-betean asmatu zuten. Asmatu zuten askatasunaren eta printzipioen bidea hartu zutenean”, esan du Urkulluk, eta Trantsizio garaiko politikari jeltzaleen belaunaldia ekarri du gogora, “Eskubide Historikoak aldarrikatzean, Ekonomia Ituna defendatzean edo Euskadiren proiekzioa bultzatzean” asmatu zutela nabarmenduz. Lehendakariak era berean gogoratu du Gernikako Estatutuak, urriaren 25ean 40 urte beteko dituenak, bete gabe jarraitzen duela; baina balioetsi du duela hilabete batzuk EAJ-PNVk lideratzen duen Eusko Jaurlaritzak lortu zuela Espainiako Gobernuak Autogobernuarekin zor bat daukala onartzea. “Osorik betetzea erreklamatzen jarraituko dugu. Autogobernu handiagoa, euskal nazio indartsua Europan, nahi dugun nazioa eraikitzeko ahalmen handiagoa”.
Lehendakariak ere heldu dio gaurkotasun politikoari, Espainiako politika zapuzten duen elkarrizketarik ezaren eta euskal politikagintza prestigiatzen duten akordioen artean: ”Ziurgabetasun orokorraren eta Espainian bizi den ezegonkortasunaren aurrean, Euskadin konpromiso politikoa eta erakundeen lana daukagu. Estatuan nagusi den desgobernuaren aurrean, euskal erakundeak ekinean. Konpromisorik ezaren aurrean, Euskal Agenda. Politika probetxugarria, Euzko Alderdi Jeltzalea”, baieztatu du.
Ane Miren Atínek, Euzko Gaztedi-EGiko kideak, Kataluniako preso politikoak eta espetxean jarraitzen duten Altsasuko gazteak gogoratu ditu klima aldaketaren kontrako borrokarekin bat egiteko aldarrikapena egin baino lehen. “Euskadi, gure Herria, txikia bada ere, eredugarria izan behar da klima aldaketaren kontrako borrokan, gazteok iraunkortasun alorrean eredugarri izan behar dugun era berean. Euzko Gaztedi osatzen dugunok argi daukagu erronka handi honi aurre egitea guztion erantzukizuna dela”, esan du. Atínek era berean aldarrikatu du EAJ-PNVren baitan eta euskal gizarte osoan emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko bideari eutsi behar zaiola. “Gure Alderdiak lan horri ekin dio, baina oraindik bide luzea geratzen zaigu. Abertzale eta humanista garen aldetik, EGIko emakumeok argi daukagu emakume aske eta ahaldundurik gabe, ez dugula nazio askea izaterik izango”.