“Erabateko konpromisoa eskatzen dizuet egun eraikitzen ari garen Euskadirekin. Atsedenik gabeko lana eskatzen dizuet, Euskadiren burujabetzan aurrera egin dezagun. Guztizko konpromisoa eskatzen dizuet euskal gizartea giza garapenaren abangoardian kokatzeko eta ahalik eta bizitza baldintzarik onenekin egin dezagun. Eta atsedenik gabeko lana eskatzen dizuet euskal gizartearen ispilu izateko, ez gaitezen erori pankarta eta zalapartarekin Euskadira iraultza ekarri nahi duten talde horien mende. Orain arte txosnetan baino ez ditugu ikusi, diruagatik elkarren arteko borrokan”. Hori izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Andoni Ortuzarrek, gaur Sopelan VIII. Bilera Nagusia egiteko elkartu den Euzko Gaztedi- EGIko kideei luzatu dien mezu nagusia. Esandako ekitaldi politikoan Ortuzar bertaratu diren gazteak animatu du “harrotasunez” aldarrikatu dezatela Euzko Gaztedi eta EAJ-PNVko kideak direla, “gazte erakundea bera eta Alderdia Herri honetako erreferente abertzale eta demokratikoa izan direlako, direlako eta izango direlako. Termino biak `abertzale eta demokrata´ elkarrengandik banaezinak direlako. Demokrazia sozial eta zuzenbidezko batetik eraki ahal izango dugu emakume eta gizon askeen aberri askea, giza eskubide guztiak errespetatuko dituen demokraziatik baino ez dugu eraikiko Euskadi izatea nahi dugun emakume eta gizon askeen aberri askea”, esan du buru abertzale, eta ondoren EGIren eta “abertzale aldarrikatzen diren baina eredu demokratikoak, iraganean porrot egin dutenak, defendatzen dituzten taldeen” arteko distantzia markatu du. “Gure bidea beste bat da, demokratikoa da, herrikoia da, auzolana da, instituzionala da eta euskal herritarrak ditu gure jardun politikoaren hasiera eta helburu”, aldarrikatu du. Eredu hau praktikan jarri du EAJ-PNVk 40 urte luzetan “gainditu behar izan ditugun zailtasun guztien gainetik, balantze ona aurkez dezakegu. Euskadi aro moderno osoan ez da sekula orain baino nazio indartsuagoa izan, azken bi mendeetan ez dugu gaurko gaitasun politikoa izan, gaurko autogobernua edo euskal gizartearen bizimodua hobetzeko gaur daukagun ahalmena. Harro egon zaitezkete egin dugun lanarekin”, adierazi du Ortuzarrek. Erakusle giza, azken lorpena. “Kupoaren Legea hurrengo bost urtetan finkatzea, pilota eta surf selekzioak nazioarteko esparruan. Pausuz pausu. Gero eta mendekotasun maila txikiagoa. Egunez egun Euskadiren nazio askatasuna lortzetik hurbilago. Hori da gure eredua eta bizirik mantendu behar dugu, euskal autogobernua argazki finko gisa ezarri nahi dutenen aurrean, duela berrogei urte erratu zirela aitortu nahi ez dutenen eta gaur egun Herri honek behar duena jakin gabe jarraitzen dutenen aurrean”, baieztatu du EBBren presidenteak .
“Horregatik da hain garrantzitsua EGIren lana”, nabarmendu du Ortuzarrek. “Euskal gaztediaren erreferente bihurtzea; pertsona jardun politikoaren helburu izango duen bidea ezartzea, Euskadi helburu bakartzat hartuz; urrats berriak ematea Euskal Herriaren emantzipazio politiko eta sozialean”. “Erreferente bat”, azpimarratu du jeltzaleen buruak “ikurrinaren ordez igitaia eta mailua jarri nahi dutenen aurrean; Putin autokratarekiko adiskidetasuna adierazteko `zetak´ marrazten dituztenen aurrean; langileriaz hitz egiten baina aburgesatuen seme aburgesatuak direnen aurrean; jaietan eta jai batzordeetan nor sar daitekeen erabaki nahi dutenen aurrean”. Horregatik guztiagatik Ortuzarrek EGIko alderdikideak animatu ditu beren VIII Bilera Nagusitik, `Irulegiko Eskutik ´ bezala “euskal gizartearentzako mezu positiboa” ateratzera “euskal gizarteak etorkizuna baikortasunez har dezan, itxaropenarekin, segurtasunarekin, hemen gazte erakunde bat dagoelako Herri honekin konpromisoa hartu duena , etorkizun oparoarekin, denontzako justizia sozialarekin eta berdintasunezko etorkizunarekin. EGI dagoelako hemen, Euzko Alderdi Jeltzaleak eraman duen lekukoa hartzeko prest. Lekuko hori da honaino ekarri gaituena, berrehun urtetan izan dugun autogobernurik handiena izatera”.