Ezagutzera eman

BERRIAK

2022/11/19
Testuak bost ponentzia batzen ditu, politika, berdintasuna, euskara eta kultura, ekonomia eta ingurunea. Horrez gain, Agenda 2030 eta GJH-ekin lotura zuzena dituen ildoak ere agertzen dira.

Euzko Gaztedi-EGIko VIII. Bilera Nagusiak, hurrengo lau urteetan jorratuko duen bidearen dokumentua onartu du. Testuak bost ponentzia batzen ditu, politika, berdintasuna, euskara eta kultura, ekonomia eta ingurunea. Horrez gain, Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotura zuzena dituen ildoak ere agertzen dira. EGI-k lau urterik behin ospatzen duen kongresuan, 7 lurraldeetatik etorritako 120 ordezkari baino gehiago batu ditu Sopelan (Bizkaia). Horrek bere ekintza politikoa garatuko duen dokumentuaz gain, bere barneko estatutuak gaur egungo errealitatera hurbiltzeko eta modu horretan, barneko parte hartzea sustatzen duen jarduteko mekanismoak ezartzeko balio izan du.

Halaber, Zarautzen (Gipuzkoa) egindako azken Bilera Nagusitik gaur egun arte egindako lanaren balorazioa egin dute. Mikel Hidalgok, EGI-ko Aberri Batzordeko Idazkariak, helarazi du “Covid-19ak eragindako zailtasunak zailtasun, aurretik planteatutako helburu ugari aurrera eraman dira”. Gainera, ziurtatu du “erakundea indartsu dagoela”, gazte erakundeak barneko ekintzetan eta ekintza publikoetan erakutsi duen bezala.

Bi jardunaldi luze hauetan, EGI-k bere izaera eta nortasuna indartu eta aldarrikatu ditu. Ildo honetan, gazte, euskaldun, independentista, humanista, feminista eta Europako estatu federalista baten alde dagoen euskal mugimendu politiko nazionalista gisa aurkeztu du bere burua euskal herritarren aurrean, bere betiko jarrera berretsiz. “Garai sozial, politiko eta ekonomiko nahasiak bizi ditugu, baina horrek are gehiago animatu behar gaitu proaktiboak, sendoak eta herrialde honekin eta bai etorkizunarekin konprometituak izatera. Hori izan da, hain zuzen ere, gaur onartu dugun dokumentuaren helburua: herrialde honen etorkizuna bermatuko duen gida izatea”, bukatu du Hidalgok.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak VIII. Batzar Nagusiari amaiera emateko ekitaldi politikoan parte hartu du. Bere hitzaldian zehar Ortuzarrek “erabateko konpromisoa” eskatu die “egun eraikitzen ari garen Euskadirekin”. “Atsedenik gabeko lana eskatzen dizuet, Euskadiren burujabetzan aurrera egin dezagun. Erabateko konpromezua eskatzen dizuet euskal gizartea giza garapenaren abangoardian kokatzeko eta ahalik eta bizitza baldintzarik onenekin egin dezagun. Berriz ere, atsedenik gabeko lana eskatzen dizuet euskal gizartearen ispilu izateko, ez gaitezen erori pankarta eta zalapartarekin Euskadira iraultza ekarri nahi duten talde horien mende. Orain arte txosnetan baino ez ditugu ikusi, diruagatik elkarren arteko borrokan”, adierazi du. Ortuzar bertaratu diren gazteak animatu ditu “harrotasunez” aldarrikatu dezatela Euzko Gaztedi eta EAJ-PNVko kideak direla, “gazte erakundea bera eta Alderdia Herri honetako erreferente abertzale eta demokratikoa izan direlako, direlako eta izango direlako. Termino biak ‘abertzale eta demokrata’ elkarrengandik banaezinak direlako. Demokrazia sozial eta zuzenbidezko batetik eraiki ahal izango dugu emakume eta gizon askeen aberri askea, eta hori giza eskubide guztiak errespetatuko dituen demokraziatik abiatuz baino ez dugu lortuko”, esan du abertzale buruak. Eta ondoren EGIren eta “abertzale aldarrikatzen diren baina iraganean porrot egin duten eredu demokratikoak defendatzen dituzten taldeen” arteko distantzia markatu du. “Gure bidea beste bat da; demokratikoa da, herrikoia da, auzolana da, instituzionala da eta euskal herritarrak ditu gure jardun politikoaren hasiera eta helburu”, aldarrikatu du. EAJ-PNVk azken 40 urte luzetan hala agertu du, “gainditu behar izan ditugun zailtasun guztien gainetik, balantze ona aurkez dezakegularik. Euskadi Aro Moderno osoan ez da sekula orain baino nazio indartsuagoa izan, azken bi mendeetan ez dugu gaurko gaitasun politikoa izan, gaurko autogobernua edo euskal gizartearen bizimodua hobetzeko gaur daukagun ahalmena. Harro egon zaitezkete egin dugun lanarekin”, amaitu du Ortuzarrek.

Facebook