Ezagutzera eman

BERRIAK

2023/02/24
Euzko Gaztedi EGIk euskal gazteriari askatasuna, herrien subirotasuna eta demokrazia defendatzeko deia egiten dio.

Duela urte bete Vladimir Putin Errusiako presidenteak Errusiako Estatuko telebista kateetan azaldu zuen Errusiak Ukrainan hasi behar zuen operazio militar berezia. Ustezko operazio militar honek, ezbeharra bakarrik ekarri du gizartearentzat: milaka pertsona etxerik gabe, jatekorik edo elektrizitaterik gabe gelditu dira, milioika pertsonak guztia utzi eta ihes egin behar izan dute, familiak banatuta gelditu dira eta milaka pertsona hil dira. Egoera gogor hau oraindik eta gogorrago bizi dute emakume eta umeek, bortxaketengatik edo umezurtz herrialde berrietara ihes egin behar izanagatik.


Garbi gelditu da azken urteotan Europan bizi izan dugun bake egoera epe motzean erabat aldatu daitekeela gure aurreko belaunaldiek izerdi handiz lortutako askatasuna eta demokrazia defendatzen ez baditugu. Urrutira joan gabe nahikoa da gure aiton amona edo gurasoei bizi izan zuten diktadurari buruz galdetzea.


Guk ez dugu euskal gizarteak horrelakorik bizitzerik nahi! Eta lan egingo dugu gure ondorengoek ere horrelakorik bizi ez dezaten. Negoziazio-bide diplomatiko guztiak areagotzearen alde egiten dugu eta aldi berean, eraso honen aurrean kementsu eta irmo egon behar dugu. Horregatik, Europar Batasuneko kide eta bere aliatuei Ukrainiak dituen beharrizanak asebetetzeko galdatzen dugu.


Askatasuna eta justizia dira gure elkarbizitzaren oinarri. Gure Herriak edo edozein herrik du bere borondate, izaera eta balioen arabera izan eta bizitzeko eskubidea, giza eskubideak errespetatzen diren bitartean,  herri bat ez baita beste bat baino gehiago.
Euzko Gaztedi EGIk Errusiako Gobernuak hasitako operazio belizista, antidemokratiko eta ankerra baldintzarik gabe gaitzesten du. Euzko Gaztedi EGI beti egongo da askatasuna, demokrazia, oparotasuna eta justizia sozialaren alde. Ez dugu inoiz inoren morroi izaterik onartuko, gure aurrekoek onartu ez zuten bezala.

Defenda dezagun demokrazia!

Facebook