Feminismoa ez da gaurko kontua. Teoria desberdinak dauden arren, aditu askok 1792-an emakumeen hezkuntza eskubideen alde argitaratutako liburu bat dute mugimenduaren hasieratzat. XIX. mendean borroka feministak indarra hartu zuen, eta emakumeen bozka eta ugaltze eskubideei dagokionean mugarri izan zen garai hura; baita emakumeen askatasun ekonomikoari dagokionean ere, aurrerapauso handiak eman baitziren emakumeen independentzia eskuratze bidean.
Euskadin ere emakumeen eskubideen alde gogor lan egin zen. EAJ-PNVren baitan Emakume Abertzale Batza sortu zen 1922an, euskal emakumeen lehen elkarte politikoa izanik. ”Jaun-goikoa eta Lagi-Zarra” (JEL) eta euskara zituzten oinarri. Garai hartan ohikoa izan ez arren, espazio publikoa bereganatu zuten emakumeok, mitinak emanez, adibidez. Aldi berean, irakaskuntza eta heziketa alorrean izugarrizko lana egin zuten, ikastola eta haurtzaindegien lidergoa hartuz bereziki.
1933an emakumeek lehen aldiz bozkatu zuten Euskadin, Iparraldean 1945. urtera arte itxaron behar izan zuten arren. EAEko emakumeak izan ziren lehenak Euskadin bozka ematen. Bozketa hartan, bertako Autonomia Estatutuaren Erreferenduma bozkatu zen gainera, eta autonomiaren aldeko babes argia gailendu zen. Diktadura frankista garaian, gure amonek borroka feministarekin jarraitu zuten, emakumeek bereziki jasan zituzten eskubide murrizketen aurrean gogor aurre eginez.
1980-an ordezkatu gintuzten lehen emakume legebiltzarkideek eusko legebiltzarrean, euskal autogobernuari hasiera emanez. 60 parlamentarik osatu zuten gure ordezkaritza organoa: horietatik lau emakumeak, eta laurak EAJ-PNVko alderdikideak. Emakumeok poliki-poliki erabakiguneetan gure lekua hartzen joan gara, eta egun, 75 legebiltzarkidetik 36 emakumezkoak dira. (EAJk dituen 31tik, 15)
Olatu feminista sekula baino indartsuago azaldu zen 2018an. Urte hartako martxoaren 8an mundua gelditu genuen. Emakume eta gizonezkoen berdintasun erreala egikaritu arte geldituko ez garela aldarrikatu genuen: inoiz baino garbiago eta ozenago.
Orain arte bezala, Euzko Gaztedi-EGIk emakumeon eskubideen alde lan egiten jarraituko du, eta euskal gizartea borroka horretara batzera animatzen jarraituko du: bai lan zein eremu publiko eta pribatuan ere. Ahalduntze eta eskubideen bereganatze honetan, ezinbestean:
Emakumeok gure lekua dugu gizartean. Gure aurrekoek eginiko lana goraipatu eta egun ditugun eskubideak defendatzen jarraitu behar dugu, aurretik dugun bidean aurrera eginez berdintasun erreala lortu arte. Horregatik eta horretarako, gizarte osoari, baina batez ere gazteoi, gizarte justu baten eraikuntzan lan egiten jarraitzeko deia egiten diegu. Emakumeok gure ahalduntzearekin jarraitu behar dugu, baina gizarte osoaren babesa behar dugu horretarako.
Gizarte eta instituzioei betaurreko moreak jantzi. Feminismoa barneratu. Injustizia txikienak ere salatu eta horiei aurre egin behar diegu. Emakumeok aske, ahaldunduta eta bakean bizi behar dugu. Ez gara inor baino gehiago, baina ezta inor baino gutxiago ere!
Bide horretan, berebiziko garrantzia du gure egunerokoan egiten eta esaten ditugunetan genero ikuspuntua txertatzeak, feminismoa ez baita etorkizuna soilik, feminismoa ORAINA ere bada!